XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Riañoko bizilagunek kereila sartu probintziako agintariei. Gobernaria eta Hidrografi federakundearen presidentea auzitan

León.

Teodoro González Cistiernako epaileak tramiterako onartu zuen azkenik Riañoko 26 bizilagunek Leon-go Gobernari Zibila eta Dueroko Konfederakunde Hidrografikoaren presidentearen kontra aurkeztutako kereila kriminala, hasiera batean auziperatuak bere barrutikoak ez zirelako aitzakiaz bere burua inkonpetentetzat eman ondoren.

Inkonpetentzia-deklarazio hau gora-behera, Leon-go auzitegiak erabaki behar izan zuen gai honetaz.

Beraz, Riañoko bizilagunen abokatuak aurkezturiko errekurtsoa medio, konpetentetzat jo zuen Leongo epaileak Cistiernako bere lankidea.

Kereila kriminal hau, Antonio Hernández Gobernari Zibilak eta Dueroko Konfederazio Hidrografikoaren presidentea den Emilio Villar-ek egin uste dituzten legez kanpoko desjabetzetan eta bestelako zenbait zuhurkeriatan oinarritzen da.

Kereilan salaturiko bidegabekeriak ihazko abenduan gertatu ziren enpresa bat, Dueroko Konfederazio Hidrografikoaren aginduz, Riañoko etxebizitzak botatzen hasi zenean.

Orduko hartan ere, bertako bizilagun batzuek beren oposizioa adieraztean, Goardia Zibilak hartu zuen parte, sekulako iskanbilak sortaraziz.

Auzia onartu ondoren, interesatuei komunikatu zien epaileak joan den asteartean.

Lehen testiguzko frogaketa Cistiernako epaitegian burutuko da datorren apirilaren zortzian.

Riañoko batzuk indarra erabiltzeko prest

Beste aldetik, joan den asteko ostegunean komunikabideen artean zabaldutako komunikatu baten bitartez, Leongo Eskualdeen Defentsarako Komitea deritzon baten sorrera iragarri zen.

Riaño urtegiaren kontrako borrokan, garaipen bat lortu berri dute bertako bizilagunek.